XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Citroen kraskatua hartu eta sarritan agertzen zen bailadan lagunak bisitatzera.

Egunetik egunera gogorragoa zen haizea.

Eta amore ematen zuenean euriteak harrapatzen zuen espazioa.

Gero berriz haizea... eta tenperaturak beheruntz egiten zuenean, elurra.

Behin baino gehiagotan haizearen eta euriaren soinuaren doinura hartzen zuten senar-emazteak loa, habeen gainean zegoen teilatua eta elkarren arteko epeltasuna zeru haserretuaren aurkako babesleku bakarra.

Bordara ez zen argindarra iristen eta jeneradore baten bitartez lortzen zuten bertarako argia.

Hain zuzen ere horixe izaten zen oheratu aurreko Primiren azken betebeharra.

Lumigasa nahiz eskuargia hartu, bordaren atzekaldean, pago ondoan, zeukaten txabolatxora joan eta jeneradorea itzaltzea.

Gero, oheratzeko, lumigasaren argia erabiltzen zuten edo kriseilua noizbait gauez jaiki behar izaten bazuten.

Abenduaren bosta. Primik ez du inoiz, bere bizitza guztian, data hori ahantziko.

Ordurako zuriak zeuden inguruko mendiak, gailurrak eta mazelak.

Hego-ekialdeko Ezkaurre izan zen lehena, azaroaren erdialdean.

Urrengo egunean Maze, Lakora eta Lakartxelaren txanda izan zen.

Eta gero, abenduaren bostean, haran osoa agertu zen elur geruzaren pean.

Gau heldu zen. Azkar.

Arratseko zazpiretarako ilun ilun zegoen eta afaltzen jarri zirenerako joku miresgarritan elkartuta zeuden argia, tximenetako isladaketa eta elurraren pazientzia.

Primi begira geratu zitzaien.

Ongi merezia zuen bizitza guztian lan egiteak horrelako unetxo bat gozatzeagatik.

Deskribaezina zen gauaren magia eta ordain ezina Primiren bihotzean sortzen zuen pake sakona.

Jeneradorea itzaltzea joan zenean ia damuturik sentitzen zen, kras, kras... katiuskekin elur berria hausteaz.

Gauak isiltasun berezia zeukan.

Ez zegoen haizerik eta ohetik guztiz ezinezkoa zitzaien elurraren erorketa entzutea.

Berehala lokartu ziren senar-emaztea.